XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Botatuenak, oro har, gazteak dira bertsolaritzaren historian.

Harrigarri bada ere, lehen hamar botatuenetatik 6 oraindik bizi dira, eta batzuk ibili dabiltza bertsogintzan.

Gipuzkoako eredua deitu den hori ateratzen da gailen eta nagusi.

Lehen 10 izen horiekin gipuzkera osatua aterako litzaiguke.

Harrigarri gertatzen den beste zerbait, zera da: klasikotzat ezagutzen ditugun batzuk (hala nola, Otaño bat, Bilintx bat) oso atzean datozela bertsolarien beren hautapenetan.

Izen-preferentziak desberdinak dira geografikoki, kronologikoki, sozialki, kulturalki, eta beste.

Joera eta bertso-era desberdinak antzeman daitezke batean eta bestean egin duten bertsolari-aukeraketa hurbildik segituz: a) Adibidez, Gipuzkoa eta Nafarroan lehen hiru izenak eredu nagusikoak dira, hots, Uztapide - Lasarte - Basarri (Ik. 1.17.).

Baina ez da hirukote bera nagusitzen ez Araba / Bizkaian eta ez Iparraldean.

Hemen Xalbador - Mattin - Uztapide datoz lehen tokietan.

Eta Araba / Bizkaian: Xalbador - Uztapide - Txirrita.

Uztapide, bai, nonnahi agertzen da, baina bera bakarrik horren goian.

b) Adin guztietan ere ez dira lehentasun berdinez ematen izen berak (Ik. 2.17.).

Desberdintasuna gazteenek markatzen dute, batez ere hauek.

25 urtez azpiko gazteek, Txirrita - Xalbador - Lasarte hirukotea aukeratzen dute.

Gainerako adinetan, Uztapide eta Lasarte denetan agertzen dira.

Hirugarren lekua noiz Basarrik, noiz Xalbador-ek, noiz Agirrek hartzen dute.

Adin guztietakoek berdin aukeratzen dutena Lasarte da.

c) Eskolak ere, beste faktore eragileen ondoan (etxea, lagunartea, zaletasuna...), eredu desberdina dakar (Ik. 3.17.).

Eskolarentzat gogokoena ez da Uztapide - Lasarte - Basarri hirukotea, beste hau baizik: Txirrita - Xalbador - Xenpelar.

Eskolakoen eredu berbera dute ikasle-irakasleek, izen klasiko ez osatua (Ik. 4.17.).

d) Ikasketa-mailaren arabera, Txirrita - Xalbador bikotearen presentzia etengabe agertzen da, lehen mailatan, batxilergotik gora, goreneko mailan Xenpelar hirugarrena delarik (Ik. 5.17.).